DOHAINIK: ADIBIDEAK DOHAINIK. IRAKURRI ZERBITZUA NOLAKOA DEN IKUSTEKO

      ASTEROKO AZTERKETAK


      1997.5.27. Euskal Herrian 1997ko maiatzaren 19 eta 25 bitarteko astean gertatutakoaren azterketa.

      • TXUNDIGARRIA: EUSKAL POLIZIAREN BURUAK ONARTU EGIN DU PRENTSARI, GIZARTEARI ETA EPAILEEI GEZURRETAN ARI ZAIELA

      • ASTEKO TXIMISTAK


      TXUNDIGARRIA: EUSKAL POLIZIAREN BURUAK ONARTU EGIN DU PRENTSARI, GIZARTEARI ETA EPAILEEI GEZURRETAN ARI ZAIELA

      Kale-borrokagatik atxilotutakoei ETAren alde egitea faltsuki leporatzearen delitua egiteko agindu zion bere Prentsa-Sailari.

      Naturak Artea kopiatzen omen du. Charles Lutwidge Dodgson matematikaria, bere lan bikainak -Alice's Adventures in Wonderland eta Through the Looking Glass and what Alice found there- izenpetzen zituen Lewis Carroll ezizenez ezagunagoa, oraindik bizirik balego bere liburuetako Humpty-Dumpty pertsonaia EAJko euskal politikari batengan gizondu dela ikusiko luke: Juan Maria ATUTXArengan alegia.

      Hala da bai. Euskal Nazio Askapenerako mugimenduaren ideal eta helburuekin bat datozen ehundaka mila euskaldunek Estatu espainairrak ENAMen aurka darabilen esaneko eta meneko tresnatzat dute Juan Maria ATUTXA. 1997ko maiatzaren 25az geroztik Juan Maria ATUTXA ergel hutsa edo faxista handi-maundi bat dela dakite askoz euskaldun gehiagok eta milioika batzuk espainiarrek.

      Euskal Autonomi Elkarteko hiruko gobernuko (EAJ, EA, PSE-PSOE) Barne-Sailburua da Juan Maria ATUTXA, eta honenbestez, Ertzaintzaren burua, zazpi mila ertzainen burua, ezker abertzaleak Indian Armada kolonial ingelesaren esanetara ziharduten bertakoekiko parekotasuna dela eta, polizia "zipaio" deritzonaren burua.

      Juan Maria ATUTXAk harridura eragin zuen hilaren 25eko igande horretan, EL MUNDO DEL PAÍS VASCO egunkariak lehen orrialdean lau zutabetan iragarrita eta bi orrialde oso (10 eta 11) hartzen zituela argitaratutako elkarrizketa batean, zuela bost hilabete Prentsari, gizarteari eta epaileei gezurretan zebilkiela onartu baitzuen -ez jakin, inuzentea, zinikoa edo bestetik gabe, ergela delako izan ote zen-. Bere poliziek atxilotutako euskal gazteei faltsuak zirela bazekiten salaketa leporatzeko zebilen gezurretan gainera. Salaketa faltsuok epaitegietan aurrera eginez gero, gazte hauei ezar dakizkieketen zigorrak BOST ALDIZ HANDITZEA eragin dezakete.

      Egunkariko zuzendariak berak, Melchor MIRALLESek, elkarrizketatu zuen ATUTXA eta elkarrizketari ipini zion izenburuan (ATUTXAren esaldi bat komatxo artean) entzundakoak eragin zion (itxurazko) harridura nabarmendu zuen MIRALLESek: "Prentsaren nahia asetzeko lehenago "Y" ez generitzonari "Y" deitzea erabaki genuen". Hona galde-erantzun garrantzitsuenen transkripzioa (letra beltxa nik jarri dut):

      MIRALLES.- "Atutxa jauna, EL MUNDO DEL PAÍS VASCOk Estatuko Segurtasun Indarrek Nafarroan urtebetean Y talde pila atxilotu zituztela, eta zuek, berriz, bakarra atxilotu zenutela argitaratu ondoren, zergatik hasi zineten orduan bat-batean eta ziztu bizian, asteko horrelako talde banaka batzuk desegiten?"

      ATUTXA.- "Ez dugu orain lehen baino "Y talde" gehiago atxilotzen. Baina bada alderik. Lehenago "Y talde" ez generitzonari "Y talde" deitzen hasteko erabakian datza ezberdintasuna. Horixe da aldea."

      MIRALLES.- "Baina, zer diozu?! Itxurak egiteko?"

      ATUTXA.- "Ez, ez. Itxurak egiteko ez, komunikabideen nahiak asetzeko."

      MIRALLES.- ¡…!

      ATUTXA.- "Bruselan nintzela, urte hasieran, guk ez genuela Y talderik atxilotzen, eta Polizia Nazionalak eta Goardia Zibilak, berriz, baietz esan zidan kazetari batek. Nik uste dut jendeak ez dakiela zertaz ari den. Orduan, kale-istiluekin zerikusia zutelakoan atxilotutako guztiei "Y talde" deitzeko agindu nion Prentsa-sailari. Berdin zait. Eta orduz gero, Y talde deritzegu denei. Eta guk eta zuek elkar ulertzen baldin badugu, primeran bada"

      MIRALLES.- (Lur eta zur utzi nau, baina hel gakizkion…)

      Geroago azalduko dut zergatik den itxurazkoa MIRALLESen harridura. Nolanahi ere, bat etorri behar berekin txundigarriak direla ATUTXAren adirazpenak. Delituzko jokaera bat aitortzen baitute, delitu ugari aitortu ere. Izan ere, espainiar Estatuko Zuzenbidean, beste Estatu askotakoan bezalaxe, DELITUA DA salaketa faltsua. Delitua da benetakoa balitz delitu datekeenaren salaketa faltsua egitea. EL MUNDO DEL PAÍS VASCOko zuzendariari adierazi dionez (eta 48 ordu beranduago ez du gezurtatu) salaketa faltsuaren delitua etengabe egiteko agindu die ATUTXAk bere menpekoei. Eta HARROPUZTU egiten da menpekoek bere esana bete dutela eta.

      "Y talde" bateko kide izatea leportatzeak talde armatuarekin elkarlanaz salatzea esan nahi duela argitu beharra dago. Ondorio txit larriak dakarzkio horrek salatuari. Salaketa horrek ezarri beharreko kartzela zigorrak BOST ALDIZ HANDITZEA eragiten baitu espainiar Estatu "demokratikoan". "Sute" edo "txikizio" (kalteak) salaketak urtebetetik lau urte bitarteko kartzela-zigorra du. Ekintza horiei (sutea edo txikizioa) talde armatuarekin elkarlana erantsiz gero, hamabost eta hogei urte bitartera handitzen da zigorra.

      Arazo larri hau, larria baita Poliziak hiritarren aurkako salaketak faltsuak egitea jakinaren gainean, espainiar Estatuak eta bere polizia-indar ezberdinek, ATUTXAk agintzen duena barne, euskal gazteen matxinada, hainbat eta hainbat kazetarik euskal "intifada" deitu duten kale borroka, zapaltzeko duten ezintasunak eragin du.

      Espainiar Estatuak eta bere lagun euskaldunek (EAJk eta EAk batik bat) errealitatea ukatu, datuak ezkutatu eta bestelako errealitatea asmatzen dute. Esaterako, euskal gazteek telefono-kabina edo autobusetan eragindako sute eta txikizioen argazki eta bideoak etengabe erakusten dizkigute, gertakariek frogatzen zuten arabera "intifada" horren helburu nagusi direnak, Kapitalaren tresnak (bankuak, aurrezki kutxak, aldi baterako laneko enpresetako zapaltzaile berriak, errepresio indarrak) hain zuzen ere, disimulatu edota txikiagotu egiten dutelarik.

      Espainiar Estatuak eta bere lagun euskaldunek ez dute "intifada" horren benetako kausa objetiboa zein den inondik ere entzun nahi. Izan ere, EUSKAL GAZTERIAREN ERABATEKO POBRETZEAren fenomenoa nabarmen egin baitzaie berau jasaten dutenei (gazteei). Derrigorrez nabarmendu ere, egunero jasaten baitituzte EUSKAL GAZTERIAREN ERABATEKO POBRETZEAren ondorio latzak: %50eko langabezia-tasa eta lana aurkitzen dutenek erabateko ezegonkortasunean egiten dute (aldi baterako dira kontratuen %98a, 200 kontratu mugagabeko bakar bat da gazte batentzat), zabor-lansariak, zabor-lanpostuak, non ezegonkortasunak legeek aitortzen dituen lan-eskubideak eskatzen edota gauzatzen eragozten baituen, etxe propioa erosi edo alokatzeko ametsik gabeko bizitza, norbere kabuz bizitzeari uko egin beharra, gurasoen etxean bizitzeaz gain, haien soldatatik ezezik haien erretiro-pentsioaren kontura bizi direla, eta haiek hiltzean etxeko gastuak ordaintzerik izango ez dutela jakinik…

      Euskal gazte horietako multzo adierazgarri batek bere bizitzari buruzko ondorioak atera eta pobretze horren kausak direla uste duenaren aurka borrokatzea erabaki du: Euskal Herriak Espainiarekiko duen menpekotasuna eta zapaldu eta pobretzen duen Ekoizpen-Modu Kapitalista.

      Espainiar Estatua eta bere lagun euskaldunak errealitate hori eta euskal "intifadaren" kausak ezkutatzen, faltsutzen eta disimulatzen saiatu dira. Bi gezur aurkeztu zizkiguten benetakoak bailiran bezala masei zuzendutako komunikabideek (telebistek, prentsak, aldizkariek, irratiek) hilabete luzeetan zehar:

      1. Oso gutxi ziren euskal gazte "biolentoak": mila (1.000) bakarrik zirela esan zuen, nik mass mediatan entzun niola birritan gutxienez, Javier ELZO soziologoak, EAEko gobernuaren aholkulari nagusia gai hauetarako, berak ARGITARATUtako inkesta eta ikerketetako datuak berak gezurtatuz, izan ere, ikerketon arabera, EAEn 1990ean hogeita bederatzi mila (28.943) gaztek aitortzen zuten biolentzia pertsonalaz baliatu zirela NOIZBAIT, poliziaren edota beste manifestarien kontra egiteko adibidez. Are barregarriagoa da 1996ko urtarrilaren 7an EL PAÍS DOMINGOk "Historia de 400 vándalos" izenez eta azala eta bi orrialde hartzen zituela argitara emandako erreportaia.

      2. Euskal "intifada" bazterreko eta moldatu gabeko pertsonen bandalismoa besterik ez zela, Madril edo Bartzelonako talde neonaziena bezalakoa, eta bere helburu eta ondorioa hiritar zintzoak izutzea eta kaleetan segurtasunik eza eragitea zela.

      Lehenbiziko gezurra gertakarie beraiek indargabetu dute. Bigarrena, euskal gizartek gertakariei buruz ematen dituen azalpenak. Lehengo asteko azterketan, TXIMISTA informazio-batean, Euskal Autonomi Elkarteko gobernuak joan den martxoan egindako inkesta bat aipatzen genuen. Hango datu batzuk dakarzkit berriro: Inkesta egin zitzaienen %87ak EZETZ erantzun zioten "Inoiz sentitu al duzu zure burua gazte erradikalen indarkeriagatik mehatxatua?" galderari. Inkestatuen %82ak dio ez duela gauean bere herri edo auzoan ibiltzeko bildurrik, %17a bakarrik ibiltzen delarik bildurrez. Espainiarren artean ERDIA BAINO GUTXIAGO (%39), eta ia europarren erdia ez dira seguru sentitzen. Argi asko daukate euskal herritarrek euskal "intifada" ez duela beren kontra, Kapitalaren eta espainiar Estatuaren indar errepresiboaen kontra baizik.

      Bi gezur horien porrotaren ondoren, Franco kopiatzeari ekin diote espainiar Estatuak eta bere lagun euskaldunek. Diktadore hark azpijoko judutar-mazoniko-komunistari leporatzen zion protesta oro, hauek, berriz, "Y taldeen erakunde" mamu bati egozten diote "intifada". Eta aurkitu ezean asmatu egiten dituzte. ATUTXAk esan duen bezalaxe "guk (poliziok) eta zuek (kazetariok) elkar ulertzen baldin badugu, primeran".

      Horregatik nionen itxurazkoa zela Melchor MIRALLESen harridura. Bai baitzekien, Euskal Herrian komunikabideetan lan egiten duten gainontzeko arduradun eta kazetariek bezalaxe, ATUTXAK berriki aitortu duena zirela "Y taldeak": asmakeria hutsa. Faltsuak zirela jakinik egindako salaketa horiek epe ertainean zigorrak handitzea eta arrisku are latzagoa -torturarena - zekarrela zekiten bezalaxe.

      Lerrook idazten ditudan herrialdeari lotuz, Nafarroari hain justu, diogun izugarri ankerra izan dela 1997. urte honetan gazteen aurkako jazarpena. Poliziak dio hamar "Y talde" desegin dituela. Amnistiaren Aldeko Batzordeek jakinarazi dutenez 170 lagun atxilotu dituzte, bi herendik gora kargurik gabe askatu zituztelarik, 27 espetxeratu egin dituzte eta 26 fidantzapeko askatasunean daude. Atxilotu horiek tortura salaketa ugari eta beldurgarriak aurkeztu dituzte.

      Bukatzeko ekar dezagun hona Ispiluan barrena eta Alicek beste aldean aurkitu zuena liburuaren 6. kapituluan Lewis Carrolek sortutako pertsonaiak zigorgabetasunaz eta arbitrariotasunaz egiten duen adierazpen harroa:

      Hitz bat erabiltzen dudanean -esan zuen Hmtly Dumptyk mesprezu handiko doinuz-, hitz horrek nik aukeratzen dudana esan nahi du... ez gehiago ez gutxiagorik ere.

      - Kontua da -esan zuen Alicek-: ea eragin dezakezun hitzek hain gauza ezberdinak adieraztea.

      - Kontua zera da -esan zuen Humoty Dumtyk-: arauemailea nor den, horida dena.

      Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena. Pamiela, 1988. Itzultzailea: Manu López.

      ATUTXAk irakurriko balu, hauxe litzateke gogokoen lukeen literatur pasartea.

      Justo DE LA CUEVA



      ASTEKO TXIMISTAK

      Beste marka bat hautsi dute ikastolek: 130.000 lagun XVIII IBILALDIAn. Leioako udalean eta Getxoko Neguriko auzoan barrena zihoan 7,8 kilometroko ibilbide batean zehar ibiltzeagatik ordaindu zuten. Jasotako dirua Betiko ikastolako obrak ordaintzeko erabiliko da. 62.000 lagun metroz joan ziren, 13.500 autobusez, 26.000 beren autoan, 6.000 Bilboko ibaia Portugaleteko Zubi Zintzilikariaren gainetik zeharkatuz eta 1.750 txalupaz. Eskualdeko 18.000 eskualde oinez joan ziren.

      Frantziar Estatuaren erasoa ikastolen aurka. Daniel Gauchon irakaskuntza-ikuskatzailea eta Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko herri-eskoletako zuzendarien kontrolatzaileak "herrialdeko hizkuntzako elebitasuna Eskola Publikoaren oinarriekin eta funtzionamenduarekin uztar ezina dela" idatzi die. Ikas-Bi elkarteak, joan den igandean, hilak 18an, Ipar Euskal Herriko herri-eskola elebidunen urteroko jaia zela eta Donibane Lohizunen 4.000 lagun bildu zituenak, "erasotzat" eta "frantziar Konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakotzat" salatu zuen Gauchonen iharduera.

      Udako Euskal Unibertsitateak 25. urteurrena ospatu zuen Donibane Lohizunen. Iruñea eta Baiona izango dira aurten ere UEUk euskaraz emango dituen 45 ikastaroen egoitzak. Baionan uztailaren 7tik 16ra eta Iruñean hilabete bereko 14tik 26ra. Ikasturte hauetako asko aukerako ikasgai gisa homologatu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

      Iruñeko gazte batek, Gorka Gómezek, maiatzaren 12an kale borrokarekin zerikusia zuelakoan atxilotu ondoren tortura latza jasan zuela salatu du. Burua estalita zeukaten lau poliziek eremu batera autoz zeramatzaten bitartean jo egin zutela, eta han pistolaz mehatxatuz arropak erantzi eta deskarga elektrikoak egin zizkiotela salatu zuen epailearen aurrean hilaren 16an. Halaber, bertan hilko zutela eta "Lasa eta Zabala bezala" kare bizitan lurperatu eta inork ez zuela haren berri izango, ez baitzekien inork atxilotu zutela. Hilaren 21ean "gaur egun atxilotze-lekuetan oraindik ere tratu txar eta tortura kasuak gertatzen diren uste osoa daukagula" adierazi zuen Euskal Herriko Gesto por la Paz-Bakearen Aldeko Koordinakundeak komunikatu batean.

      ETAren aurkako epaiketa Parisen. "Epaitu gaituztenok garbi utzi dugu Euskal Herriak Frantzia eta Espainiarekin duen gatazka politikoa dela, eta beraz, konponbideak ere politikoa behar duela". "Borroka armatua bertan behera geldituko da autodeterminazio eskubidea onartzen baldin bada". Honelaxe laburbildu zuten Pakito Mujika Garmendiak eta "Txelis"-ek Parisko Epaitegi Korrekzionalean astebetean zehar epaitu zituzten euskaldunen iritzia

      Ipar Euskal Herriko intsumitua epaitua. Poitiersko fiskalak lau hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen Zigor Arrietaren kontra, bere bizitzako urte bat frantziar Armadari emateari uko egiteagatik.

      Euskal preso politikoen kolektiboaren gutuna kazetari eta komunikabideei. Hartzaileek "errepresioan duten erantzukizuna" nabarmendu eta beren "isiltasunarekin" "torturatzaileak babesteaz" eta "gure eskubideen eguneroko zapalketa ezkutatzeaz" salatzen dituzte. "Hausnar dezazuen eskatzen dizuegu" dio gutunak.

      Euskal abertzaleen botoek gora egin dute Ipar Euskal Herrian Frantziako Hauteskundeen lehen itzulian. Abertzaleen Batasunak, Eusko Alkartasunak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak 10.537 boto izan dituzte guztira, 1993an baino 2.358 boto gahiago.
      a la página Servicio analítico/informativo a la página principal